NAIZ
Andoain

Hezkuntza lege propioa aldarrikatu du Ikastolen Elkarteak ikasturte hasierako ekitaldian

Andoainen aurkeztu du Ikastolen Elkarteak ikasturte berria eta Koldo Tellitu lehendakariak Hezkuntza Lege propio baten beharra azpimarratu du. LOMCEren modukoei aurre egiteko bide bakartzat jo du gainera. Urkullu lehendakariak espainiar lege berriak «ahalik eta eragin txikiena» izateko lanean ari direla esan du.

Ikastolen Elkarteko eta instituzioetako ordezkariak gaur Andoainen. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Ikastolen Elkarteko eta instituzioetako ordezkariak gaur Andoainen. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

100 urte dira lehen ikastola sortu zenetik eta bera omenduz ekin dio ikasturteari Ikastolen Elkarteak. Donostian, Euskal Ikastetxea izenez abiatu zuten lehenbizi gerora Koruko Andra Mari Ikastetxea izatera pasa zen. Miguel Muñoa izan zen abian jarri zuena eta bera omendu dute Andoainen Ikastolen Elkarteak egin duen ekitaldian.


Andoainen eman dute lehen aldiz ikastolen inguruko dokumentala. Info +]

Ikasturte hasierako aurkezpenean espainiar hezkuntza lege berria, LOMCE, izan dute hizpide ordezkari sozial eta politikoek. Koldo Tellitu elkarteko lehendakariak hitz hartze nagusian Hezkuntza Lege propioa aldarrikatu du, halakoei aurre egiteko bide bakarra dela iritzita. Lakuak espainiar lege berria ezartzeko hautua egin duela salatu du balio sozial eta zibikoei dagokion eremua aipatuz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du ikasturte hasierako ekitaldian eta bere gobernuaren jarrera argudiatu du. Urkulluren esanetan, legeak «ahalik eta eragin txikiena» izateko lanean ari da bere exekutiboa, legeak «arazoak ekarriko ditu» EAEko lehendakariaren esanetan «baina ez du eraikitzea hainbeste kosta zaigun euskal hezkuntza sistema ahultzea lortuko». «Ahalik eta eragin txikiena» izateko asmoa aipatu orduko, Urkulluk «baina» gehitu dio, «garapen akademikoa arriskuan jarri gabe» esan baitu.

Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia ere Andoainen izan da eta inon burujabetza behar bada, hori hezkuntzan dela esan du. «Indarrak batzeko» deia egin du Garitanok, LOMCEren aurka eta hezkuntza sistema propio baten alde.

Aipatutakoez gain, Ikastolen Elkartearen ekitaldian izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko lehendakaria, Ane Karrere Andoaino alkatea eta Hasier Arraiz Sortuko presidentea.

Ekitaldian Ziburuko ikastolako ikasleek ere parte hartu dute. Herriko Etxearen salaketaren ondorioz kanporatzeko arriskuan dira herri lapurtarreko ikasleak.